Iturria: Ikerbasque
IKERBASQUE Zientziarako Euskal Fundazioak Europako Batzordearen “HR Excellence in Research” zigilua jaso du, ikertzaileak erakartzeko erabiltzen duen estrategiagatik. Golardo hau lortu duen lehen euskal erakundea da orain arte. Estatu espainiarrean, Madrilgo IMDEA Agua Institutua da Bruselako aintzatespena bereganatu duen bakarra.
Europako Batzordearen Ikerketa eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusia arduratzen da golardo hau emateaz, ikertzaileen aukeraketan, kontratazioan eta kontsolidazioan Europa mailako erreferentzia bilakatu diren erakundeen lana aldarrikatzeko asmoz. IKERBASQUEk langile zientifikoak erakartzeko erabiltzen duen estrategia eta politikagatik lortu du sari hau. Ebaluazioaren zorroztasuna, kode etiko eta portaera-kode zehatz bati jarraitzea eta talentua erakartzeko prozesu osoaren etengabeko hobekuntza dira estrategia honen oinarriak.
2008an IKERBASQUEk “Ikertzaileen Europako Gutuna”rekin bat egin zuen. Agiriak ikerketa mailako talentuak erakartzen dituzten erakundeei dagozkien printzipioak, portaera-kodea eta gomendioak finkatzen ditu. Golardo honek printzipio eta gomendio horiei buruzko prozesurik aurreratuenak garatu dituzten erakundeak aitortu nahi ditu. Estatu osoko 25 ikerketa-zentro daude “Ikertzaileen Europako Gutuna”rekin bat eginda, baina orain arte, IKERBASQUE eta Madrilgo IMDEA Agua Institutua dira zigilu hau berenganatu duten bakarrak.