Edukin hau ez dago eskuragarri aukeratutako hizkuntzan.

Ikerbasque News

Iturria: Ikerbasque

 

Ikerbasquek Nazioarteko Deialdi berri bat zabaldu du, Euskadiko Unibertsitate eta Ikerketa Zentroetan behin-behineko "Ikertzaile Bisitarien" plazak betetzeko 

Fellowships


IKERBASQUE Zientziaren Euskal Fundazioak nazioarteko bosgarren deialdia zabaldu du, Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroetan gehienez urtebetez lan egingo duten “ikertzaile bisitarien” plazak betetzeko asmoz. “Visiting fellowships” delako kontratazio mota honek ezagutzaren transferentzia erraztu eta nazioarteko ikerketa-sareak sendotzea du xede.

Orain arte IKERBASQUEk ikertzaile bisitariak kontratatzeko egin dituen lau deialdietan, kualifikazio handiko 61 ikertzailek parte hartu dute guztira, hogei bat herrialdetatik etorrita: Kanada, Estatu Batuak, Mexiko, Venezuela, Argentina, Brasil, Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Austria, Suitza, Txekia, Bulgaria, Italia, Espainia, Finlandia, Errusia, Polonia, Estonia eta Japonia.

Jatorrizko erakundeen artean, Yale, Ohio, Hamburg edo San Petersburgeko unibertsitateak nabarmendu behar dira, baita Errusia eta San Petersburgeko Zientzia Akademietako zentro ospetsuak ere, Errusiako Kurchatov, Alemaniako MPI eta Mexikoko Monterrey hiriko institutuak edota Fujitsuren Europako laborategiak, besteak beste.

Orain arte ekimen honetan parte hartu duten 61 zientzilariei harrera egin dieten Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroei dagokienez, Euskal Herriko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko fakultate eta atxikitako erakunde desberdinak aipatu behar dira, Donostia International Physics Centre (DIPC), nanoGUNE IZK, Azti-Tecnalia, Basque Centre for Applied Mathematics (BCAM), Basque Centre for Climate Change (BC3) eta Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) bezalako zentroak barne.

“Visiting fellowships” delakoen bosgarren deialdi honetako eskabideak jasotzeko epea irailaren 1etik urriaren 31ra bitartean egongo da zabalik, eta bertan parte hartzeko, derrigorrezkoa da eskabidea harrerako ikerketa-taldeak eta hautagaitza aurkeztu duen pertsonak betetzea. Deialdia IKERBASQUEko webgunean, zientziarekin lotutako beste hedabide digital batzuetan eta nazioarteko zientzia-argitalpen garrantzitsuetan ezagutarazi da.

Aurreko deialdietan bezalaxe, Euskal Zientzia Sistematik kanpoko Ebaluazio Batzorde bat arduratuko da jasotako eskabideen artean hautaketa egiteaz, betiere ikerketa-proiektuaren interesa eta potentziala, hautagaiaren profila eta esperientzia edota harrerako taldearen bikaintasun maila bezalako irizpideak oinarritzat hartuta.


 
 
 
ecmware
Enterprise Platform