Iturria: Ikerbasque
Sortu zela bost urte betetzeko zorian delarik, IKERBASQUE Zientziaren Euskal Fundazioa, 22 herrialdetatik Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemara erakarritako lehen mailako 100 ikertzaile baino gehiagoko zerrendaz kontsolidatu da. Euskadiko unibertsitateak eta I+G zentroak probetxua ateratzen hasiak dira, zientzia esperimentaletatik humanitateetaraino medikuntza, ikasketa teknikoak, ingeniaritza eta gizarte-zientziak bezalako jakintza-alorretan diharduten aditu horien ekarpenetatik.2010 urtearen amaieran, IKERBASQUEk Euskadin lan egiteko erakarritako zientzilari-kopuruak 77 ikertzaile senior iraunkor eta epe jakin batean proiektu bat garatzeko kontratatu diren 22 ikertzaile bisitari barne hartzen zituen. Horiek guztiak, mundu osoan zehar egindako deialdi baten ondoren aukeratu ziren, eta horretarako, euskal Fundazioak 15 herrialdetako 55 ebaluatzailek osatutako kanpoko Ebaluazio Batzorde baten laguntza izan zuen. Batzorde honen Koordinazioaz, lan-esparru desberdinetan nazioarteko erreferentzia bilakatu diren zazpi ikertzailek osatutako Batzorde Zientifikoa arduratu zen.
Hauxe da IKERBASQUEko ikertzailearen profila: Europako unibertsitate ospetsuren batean doktore-titulua lortu duen europarra, gutxienez Europako nahiz Estatu Batuetako hiru unibertsitate edo ikerketa-zentrotan 15 urtetik gorako ikerketa-esperientzia duena, lan-taldeak lideratu dituena eta proiektuak aurrera ateratzeko Europar Batasunaren finantzaketa duena.
Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemari egindako balio-ekarpenaz gain, maila goreneko nazioarteko zientzilarien kontratazioak onura ekonomikoak ere ekarri ditu. Horrela, IKERBASQUEk 2010 urterako erabili duen zortzi milioi euroko aurrekontuaren aldean, bere ikerketek 5,5 milioi euroko itzukina lortu zuten, eta diru hori guztia proiektu zientifikoak bultzatzeko erabiliko da beka eta bestelako deialdien bitartez.
Gainera, Europako Batzordeak EBn garapen zientifikoa bultzatzeko abiarazi diren ekimen onenetakotzat jo zuen IKERBASQUE 2010ean, eta 5 milioi euro eman zizkion euskal Fundazioari Marie Curie programa europarraren barruan datozen lau urteotan ikertzailek kontratatzen jarrai dezan. Fundazioak Euskadin lan egiteko erakarri dituen ikertzaileen lan onaren erakusgarritzat, horietako hiruk Europako Ikerketa Batzordeak ematen dituen ERC Starting Grants beka ospetsuen hirugarren deialdian sartu direla nabarmendu behar da. Hiruren artean, bost milioi euro inguruko aurrekontua lortu dute nanoteknologiaren aplikazioei buruzko ikerketak egiteko eta fisika kuantikoaren alorreko ikerketa teoriko bat lantzeko.