Edukin hau ez dago eskuragarri aukeratutako hizkuntzan.

Ikerbasque News

Iturria: Ikerbasque and BC3

Ikerbasque eta BC3-ko ikertzaileek hitzaldiak eskainiko dituzte euskal ikastetxeetan batxilergoko ikasleen artean ikerketaren aldeko bokazioak pizteko asmoz

Tinti    Ayesta

Ikerbasque eta BC3ko ospe handiko ikertzaileek ekimen berritzaile batean parte hartuko dute, euskal ikastetxeetara komunitate zientifikoaren errealitatea hurbildu eta batxilergoko ikasleen artean ikerketaren aldeko bokazioak pizteko asmoz. Haien helburua ez da izango norberaren ikerketa-ildoa xeheka azaltzea, baizik eta ikerketa-karrera aukeratzeko zergatiak igortzea eta zientziari buruzko ikusmolde itxuragabetuei aurre egitea.

Training Caravan/Ikertzaileak Gelan izendapenaz bataiatutako proiektu hau gaur goizean aurkeztu dute Bilbon Isabel Celaá Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak eta Fernando Cossío Ikerbasqueko Zuzendariak.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin batera, Training Caravan IKERBASQUE Euskal Zientzia Fundazioak eta BC3 Klima Aldaketari buruzko Ikerketa Zentroak bultzatu dute, eta hauexek dira hitzaldiak emateaz arduratuko diren pertsonak aukeratu eta igorriko dituztenak. Guztira, ordu eta erdi inguruko hogeita hamar bat hitzaldi antolatuko dira urtarrilaren 17tik apirilaren 15era bitartean, den-denak ingelesez. Helburua ez da izango inondik ere ikerketa-lerroak xeheka azaltzea, aukera hau hautatzeko zergatiak ezagutaraztea baizik.

Hitzaldi horietan era askotako gaiak jorratuko dira, Zientzia Esperimentaletatik Humanitateetaraino, Medikuntza eta Bizitzaren Zientziak, Lurra eta Ingurumenaren Zientziak, Ekonomia eta Gizarte Zientziak, Matematika eta Informazio Teknologiak barne. Training Caravan/Ikertzaileak Gelan ekimenaren bultzatzaileek jakin badakite hitzaldi bakar batek ezin duela erabaki etorkizuneko bokazio profesionala, baina ziur daude era honetako ekitaldiek euskal ikerkuntza Bigarren Hezkuntzako ikasgeletara hurbildu, ikerketa-karrera ezagutarazi eta etorkizuneko aukeratzat bistaratzen lagun dezaketela.

Proba pilotu arrakastatsua

Training Caravan zikloaren lehenengo edizio hau abiarazi aurretik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Ikerbasque eta BC3rekin batera, proba pilotua egin du 2010 urtean, era honetako ekimen batek izan dezakeen harrera baloratzeko asmoz. Honela, maiatzetik azarora bitartean, 12 hitzaldi antolatu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako beste horrenbeste ikastetxetan, eta horien ondoren, atsegin-mailari buruzko inkestak egin zaizkie zentro bakoitzeko ikasle eta arduradunei.

Klima Aldaketan espezializatutako BC3ko lau adituk eta Matematika, Fisika, Ekonomi Zientziak, Historia eta Medikuntza alorretako IKERBASQUEko sei ikertzailek parte hartu dute hizlari bezala hautatutako ikastetxeetan, eta emaitza orohar oso positiboa izan da. Ildo horretan, bertaratutako gehienek interes handikotzat jo zuten hitzaldia, eta beraien esanetan, ekitaldi horri esker, dexente hobetu dute ikerketa-jardueraz zuten ezagutza. Ikastetxeen aldetik ere, balorazioa arras positiboa izan zen, baina beharrezkotzat jo zuten ekitaldia aurretik hobeto prestatzea, hizlariei buruzko informazioa ematea eta egutegi bateratua lantzea, azterketatik hurbil dauden datak ekiditeko asmoz.

Orain, abian jarri den programa honi esker, euskal ikastetxeetako Batxilergoko 1.000 ikaslek baino gehiagok eskutik eskura ezagutu ahal izango dute Euskadiko alor desberdinetako ikertzaileek egiten duten lana. Ekimena hiru lurralde historikoetan egingo da, hiriburuetan nahiz Leioa, Elgoibar, Trapagaran, Mutriku, Getxo, Oñati, Hernani, Barakaldo, Tolosa, Beasain, Lazkao, Durango, Lasarte, Agurain, Azkoitia, Iurreta, Basauri eta Urretxu bezalako herrietan, besteak beste.

 
 
 
ecmware
Enterprise Platform