Edukin hau ez dago eskuragarri aukeratutako hizkuntzan.

Ikerbasque News

Ikerbasqueko ikertzailea: Ugo Mayor

Gure ikerketak gaixotasun neuronalak ulertzeko ondorioak jasoko ditu

Mayor01   Mayor02

Zer da zure ikerlari egoeran aldatu dena CIC bioGUNEAn lan egiten hasi zinetik?

Lehendabizi, ziurtasuna. Ikerlari baten ibilbide profesionalean, denbora tarte zehaztugabe batean zehar, zure ikerketa jarduera arrakastatsua bada ere, zaila da etorkizunak familiari eta zuri ekarriko dizuna asmatzea. Ikerbasquekin kontratua sinatzeak hurrengo soldata nondik etorriko den kezkatzen ibili beharrean ikerketan zentratu ahal izatea esan nahi du. Argi da hori hala izango dela gure aurkikuntzak gure jakintza-alorraren buruan badaude, Ikerbasquen aldizka egiten diren ebaluazioek ezartzen duten bezala.

Bigarrena, baliabideei dagokie. CIC bioGUNEk baliabide sorta zoragarria eskaini dit eta lan talde bikaina ere. Lehenengo egunetik Cambridgetik ekarri nuen proiektuarekin jarraitu ahal izan dugu. Eta are garrantzitsuagoa dena: gure ikerketa ez dio aurrera egiteari utziko teknika, metodo edo erreaktibo bat izateko aukera ez dugulako. CIC bioGUNEko instalazioak egon daitezkeen onenak dira, hasieran jaso dugun laguntza oso oparoa izan da eta esleitu diguten gunea zehazki behar genuena da. Agian munduan horren laguntza ona eskain dezaketen ikerketa gune gutxi daude.

Baina ziur badela beste kontu negatibo bat. Nazio txikia gara eta ikerlarion taldea ere txikia da. Cambridgek, Donostiako tamainaren erdia duen herriak, Euskal Herria osokoa baino 100 aldiz indartsuagoa den ikerlari taldea dauka. Zientzian, ezinbestekoa da beste zientzialariekin harremanetan egotea eta beharrezkoa da hori modu zuzenean eta baita ere modu etengabean egitea. CIC bioGUNEn eztabaida zientifikoak izateko oso lankide onak daude eta atzerrian dauden beste lankide batzuekin ere zenbait elkarlan egiten ditut, baina ezin da isolamendu zientifikoa sentitzea ekidin nire azkeneko esperientziarekin alderatuz gero.

Zure ikerketa lerroa gaixotasun neuronaletan ardazten da,azalduko al zeniguke zein ikuspegitik abiatzen zaren?

Gure ikerketak gaixotasun neuronalak ulertzeko ondorioak jasoko ditu, baina oraingo ikerketa ardatza askoz ere oinarrizkoagoa da. Funtsezko mekanismo zelular baten, hau da, proteinen ubikuitilazioa, rol neuronalak identifikatzeko lan egiten ari gara. Ubikuitilazioaren ikerketa duela hiru urte garatzen hasi zen legamiekin, eta horren garrantzia 2004ko Nobel Sariarekin aintzat hartu zen. Ubikuitilazioa Alzheimerra eta Parkinsona bezalako zenbait gaixotasun neurodegeneratiboekin zerikusia duela era zabal batean onartzen bada ere, mekanismo molekularrak ez dira oraindik horren argiak eta oraindik arlo azpizelularrean zer ikertu asko dago gaixotasun horiek zelan garatzen diren ulertzeko.

Jakintza-alor honen nolabaiteko berritasuna dela eta, oraindik ezer gutxi egin da ubikuitilazioak animali bizidunen neuronetan duen benetako eginkizuna zehazteko. Oso harro gaude in vivo organismo osasuntsu batean ubikuitinaz modifikatzen diren proteina neuronalak identifikatzeko metodoa garatzeko gai izan garelako. Orain, gure teknika gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten animali ereduei, baita saguei, aplikatzeko tresnak prestatzen ari gara. Momentuz, fruta-euliekin (Drosophila Melanogaster) lanean ari gara, horien eta gure neuronen arteko ezberdintasuna ez delako horren handia eta ikertzeko errazago izateaz gain, denbora eskala askoz azkarragoan eskaintzen dizkigute emaitzak . 

Azkenean, ubikuitilazioa giza burmuinaren zahartze prozesuarekin duen zerikusia aztertuko dugu eta bagaude gaixotasun horiek saihesteko edo sendatzeko lagungarri gerta daitezken galderak zelan erantzun ditzakegun planifikatzen. Baina medikuntzan aplikatu ahal izango diren emaitzak ez dira aurten edo hurrengo urtean agertuko, 5-10 urteko epean baizik.

Zein da zure ustez ikerketaren egoera egun Euskal Herrian?

Duela ia 15 urte atzerrira joan nintzenean, zientzialaria izatea eta Euskal Herrian bizitzea bateraezinak ziren aukerak zirela pentsatu nuen. Aurreko urtean aldiz, zientzialari gisa itzuli nintzen CIC bioGUNEn lan egiteko, munduan dauden beste zentroak baino gutxiago ez den instituzioa.

Hala ere, zenbait auzi daude. Hasteko, ez dauka kalitate goreneko zientzia emari etengabea sortzeko beharrezkoa den ikerlari talde handi eta kritikoa. Bestalde, Europako beste zenbait herrialdetan ikerketan aritzeko ohitura Erdi Arotik sustraituta dago; Euskal Herrian berriz, unibertsitateak hamarkada batzuk baino ez ditu eta alderaketak gogaikarriak izan badaitezke ere, ez dago ikerketa egiteko ohitura handirik. CIC bioGUNE bezala sortu berriak diren zentroak ahalegin ikaragarria egiten ari dira, neurri handi batean paradigma aldaketa hori bideratzeko ematen zaien laguntzari esker; hala ere, inozoak ginateke Cambridgeko LMB (Laboratory of Molecular Biology) instituzioa bezalakoekin lehia gaitezkeela pentsatuko bagenu, azkeneko honek 13 Nobel Sari irabazle baititu. 4 herrialdek soilik lortu dituzte emaitza hobeak Kimikan eta Medikuntzan, Espainiak aldiz, bakarra lortu du. Azken batean, zientziari eskainitako dirua ikerketaren egoera islatzen duen adierazlerik onena da. Herrialde txikia izanda, gure biztanleria eta BPGa gure alderaketak egiteko darabiltzagun herrialde gustukoenetakoak baino zenbait magnitude-ordena azpitik dago. Horrez gain, zientzia ikertzeari eskaintzen zaion BPGaren ehunekoa, herrialde handiago horietan ematen denaren zati bat baino ez bada, argi dago, ahalegin handia egin behar dugula lehiatzeko. Gure ikerketaren egoera eta emaitzek lotura zuzena izango dute beti gure ikerlari taldean ikertzen ari denarekin biomedikuntzaren zientziei dagokienez behintzat. 


 
 
 
ecmware
Enterprise Platform