Ikerbasqueko ikertzailea: Volodymir Chernenko

Zeri buruz zaude orain ikertzen Euskal Herrian?
Teknologia moderno asko material multifuntzional gisa ezagutzen
direnetan oinarritzen dira. Batez ere, Heusler motako forma-memoria
ferromagnetikoa duten aleazioek (FSMA ingelesezko siglak direla-eta)
(besteak beste, Ni-Mn-X, Co-Ni-X eta Fe-Ni-X, non X=Ga,Al,Sn,Sb)
zientzialarien eta ingeniarien arreta lortu dute, frekuentzia altuko
eraginean izan ditzaketen etorkizun handiko aukerak direla-eta.
Hori aldagai martensitikoen berrantolaketaren eta pertzepzio-gaitasunaren (tentsioak eremu magnetikoan eragindako aldaketa dela-eta) emaitza da. Eremu magnetiko erraldoi batek sortutako tentsioaz gain (% 10 giro-tenperaturan 1 kOe-ko eremu magnetiko batean), FSMA materialek gaitasun funtzional aurreratuak erakusten dituzte: efektu magnetokalorikoak eta magnetoerresistentziakoak, moteltze-gaitasun handia eta izugarrizko elastikotasuna tenperatura altuetan, besteak beste. Efektu horien funtsezko muin komuna da eraldaketa martensitikoa. FSMA materialen aplikazio potentzialak anitzak izan daitezke: sistema motordun lineal aurreratuetatik tentsio-sentsoreetara, potentzia-sorkuntzatik hozte magnetikora, energia-absorbatzaileetatik magnetoelektrikara.
Azken hamar urteetan izandako jarduera eta argitalpen mordoa kontuan hartuta, forma-memoria magnetikoari buruzko zientzia diziplinarteko ikerketa-eremu gisa har daiteke, material adimenduei eta egoera solidoko fisikari begira. Ikerketa-eremu hori da, oinarrizko erronka berritzaileekin, nire ikerketa-jardueraren arlo nagusia. Egun, Magnetismo eta material magnetikoen taldearen barne, UPV/EHUn, honako hauek ikertzen ditugu: kristalaren egitura, eraldaketa-jokabidea eta FSMA materialen propietate magnetikoak eta magnetoelastikoak, ikusitako efektuen azpian dagoen fisika hautemateko eta material horien propietate funtzionalak aurkitzeko. Gure neurketetan, teknika ugari erabiltzen ditugu: X izpiak, elektroien eta neutroien difrakzioa egitura atomikoak eta magnetikoak hobetzeko; tresna magnetometriko hainbat mota, indarreko zundadun mikroskopia eta Kerr-en mikroskopia egoera magnetikoa zehazteko; eta mikroegitura bikoitzak eta horien elkarrekintza eremu magnetikoekin behatzeko, besteak beste. Duela gutxi, FSMA material/substratuzko geruza meheko konposatuen erantzi teknologia garatzeari ekin diogu, material bikain horien propietate funtzionalak mikro- eta nano-eskalara egokitzeko helburuarekin. Eusko Jaurlaritzak (ACTIMAT partzuergoa) eta estatuko gobernuak finantzatutako proiektuek babesten dute gure lana.
Munduan osoan, hainbat laborategitan egin duzu lan. Zer nolako ekarpenak egiten dituzte atzerriko harremanek zure egungo ikerketan?
Nire ustez, UPV/EHUko taldea mundu mailako lehenetarikoa da FSMA materialen ikerketa-eremuan. Esan beharra dago iaz gai horri buruzko bigarren nazioarteko jardunaldia (ICFSMA09) antolatu genuela UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean. Memoria-formako sinposiumaren kopresidentea izan naiz aurten Estrasburgon ospatutako EMRSen udaberriko batzarrean.
Espainian sare bat sortzeko asmoa dugu, FSMA materialen eremuan dauden talde anitzen lana koordinatzeko. Ahal dudan guztia egiten ari naiz aurretik ditudan nazioarteko kontaktuak esteka berrietarako ekimenekin bat egiteko. Nazioarteko lankidetzak ikerketa hobetzeko aukera emateaz gain, eraginkor bihurtzen du denboraren eta kostuaren aldetik. Ideien eta pertsonen trukea suposatzen du. Batez ere, oso estua da erakunde hauekin dugun harreman informala: Boise State University (Idaho, AEB), Istituto di Interfasi, CNR, (Italia) eta Tohoku University (Sendai, Japonia). SPP1239 lehentasunezko programa alemaniarrean parte hartzen duten erakundeekin harremanak sendotzeko asmoa dugu ere. Aurten, Material adimenduen zentro batean ikerketan bi hilabetez jarduteko gonbidapena luzatu zidaten, japoniar bikaintasuneko zentro baten ordezkari gisa, Osakako unibertsitatean (Japonia). Konferentzien ostean, FSMA materialezko bi lingote ekarri nituen eta T. Kakeshita (Bikaintasun programaren zuzendaria) profesorearen laborategiarekin batera ikerketa bateratua egitekotan geratu ginen.
Ahalegin bateratuen abantailak ikus dezazuen, lingoteetatik bi kristal sortu ditugu, laborategi honetan ditugun paregabeko erraztasunak eta pertsonala erabiliz eta horien oinarrizko karakterizazioa egin genuen. Egun UPV/EHUn, lagin horien azterketa sakonekin jarraitzen dugu, Osakan ez genuen tresneria eta teknikak erabiliz. Lan honen emaitza abangoardistak laster argitaratzea espero dut. Bikaintasun zentroarekin hitzarmen formal bat izenpetu genuen, talde japoniar horrekin jarduera gehiago egin eta ikertzaileen bisitak izango ditugulakoan.
Nola eragiten dio Ikerbasqueren eskaintza onartzeak zure ikerketa zientifikoko karrerari?
Esker ona erakutsi behar diogu Ikerbasqueri enplegu iraunkorra eskaini izanagatik eta UPV/EHUko Magnetismo eta material magnetikoen taldeari nire espezialitateko ikerketa-eremuan integrazioa eman izanagatik. Ikerbasquen lan egiteak aske izateko aukera ematen dit epe luzerako planifikazioari begira eta, gainera, azkar garatzen den arlo zientifikoan nire gaitasuna biderka dezaket. Nire aburuz, Ikerbasquen dudan kargua entzute handikoa da nazioarte-mailan, elkarrizketa honen goialdetik ondoriozta daitekeenez. Niretzat eta nire familiarentzat ere garrantzi handia du Ikerbasquek eskainitako laguntza Euskal Herrira egokitzeko.