Ikerbasqueko ikertzailea: Florence Perrin
Zein ikerketa egiten ari zara orain Euskal Herrian?
Nire ikerketa-interesen helburu orokorra da neuroendekapen-prozesuen pean dauden mekanismo molekularrak ulertzea, bizkarrezur-muineko patologien testuinguruari begira. Batez ere egun terapiarik ez duten bi patologietan jarri dut gogoa, hots, alboko esklerosi amiotrofikoan (AEA) eta bizkarrezur-muineko lesioan (BML).
Endekapenaren substratu molekularra aztertzeko modu bat da bizkarrezur-muineko zelula mota bakoitzean, adierazpen genikoen mailetan eragindako aldaketak identifikatzea. Lerro horri jarraiki, azterketa integratzaile genomiko bat garatzen ari gara AEA eta BMLen mekanismo eta patogenesietan zelulen arteko elkarrekintzen zerikusia argitzeko. Ikuspuntu hau erabiltzeak bizkarrezur-muineko gaixotasunen mekanismo eta patogenesietan parte har dezaketen berariazko zelulen gen kandidatuak identifikatzeko aukera ematen du.
Zelula glialak bereziki interesatzen zaizkigu, ugaztunen nerbio-sistema zentraleko (NSZ) zelularik ugarienak. Nahiz eta osasunean eta gaixotasunean duten funtzioari buruzko ezagutza oso mugatua izan, azken 5 urteetan zehar gero eta froga gehiagok adierazten dute hainbat bizkarrezur-muineko patologietan eginkizun erabakigarria dutela.
Alboko esklerosi amiotrofikoa
AEA, neurona motorrei gehien eragiten dien gaixotasuna da eta motoneuronen berariazko endekapena du ezaugarritzat; paralisia eta azkenean heriotza sortzen du 3-5 urteko epean. Motoneuronen endekapen hori eta urrakortasun hautakorraren mekanismoen patogenesiak oso ezezagunak dira oraindik, nahiz eta gero eta proba gehiago egon AEA hainbat elementu (neuronak eta zelula glialak, besteak beste) inplikatzen dituen faktore anitzetako gaixotasun konplexua dela adierazten dutenak.
Jada identifikatu ditugu erregulatu gabeko geneak motoneurona hutsetan hiru sagu-eredutik, motoneuronen endekapen hautakorra garatzen dutenak. Horiek izan ziren motoneuronen gaixotasunaren ereduen adierazpen genikoen profilari dagozkion lehenengo analisiak. Bimentinaren kodeketa genikoa zen sagu mutante guztietan orokorrean deserregulatzen zen bakarra; gainera bimentinak endekapen-prozesuarekin lotutako motoneuronen zitoplasmetan inklusioak sortzen ditu. Orain bimentinak motoneuronen endekapenean duen inplikazio funtzionala ikertzen ari gara. Horretarako bere in vivo adierazpena aldatzen dugu SiRNA delako hurbiltzea erabiliz.
Orain, motoneuronetan etorkizun handiko gen kandidatuak aurkitu ditugula, zelula glialen eginkizuna, batez ere astrozitoak eta mikrogliak, motoneuronen endekapenaren hasieran eta garapenean ikertzen ari gara. Horretarako, AEAdun sagu-eredu baten astrozito eta mikroglia hutsen profil genetikoa aztertzen ari gara.
Motoneurona hutsen gainean lortutako aurreko emaitzekin batera, saiakuntza hauek ELAren testuinguru bateko zelula glialen eta motoneuronen arteko diafonia molekularra argitzen lagunduko dute. Hortaz, zelula mota bakoitzeko berariazko estrategia terapeutikoak sortzeko modua eskaintzen du, zelula neuronalen heriotza eragozte aldera motoneuronen gaixotasunen testuinguruan.
Bizkarrezur-muineko lesioa
Egun, BMLak ez du ezta sendatze partzialerako bide ematen duen terapiarik. Sendatze funtzionala eza eta axoien berezko birsorkuntza gabezia, besteak beste, orbain glialaren eraketari (gehienbat astrozitoz osatzen dena eta hesi fisikoak eta kimikoak sortzen dituena) leporatzen zaizkio.
Astrozitoen zitoeskeletoen gen-kodeketa baliogabetuz, bizkarrezur-muineko lesioari buruzko karraskari-eredu batean orbain gliala murriztu eta funtzio motorra modu esanguratsuan hobetzen zela adierazi dugu. Kliniketan aplikatzeko asmoz, animalia-eredu handi batean garatzen ari gara hurbiltze bera. Ikerketa-lerro hau Pariseko kideekin lankidetza estuan garatzen ari gara.
Antzera, bizkarrezur-muineko lesioen ondorioz sortutako orbain glialen eraketen mekanismoak eta eginkizunak argitzeko, orbainen eraketa aztertzen ari gara metodo histologikoak erabiliz eta AEAri dagokionez, astrozito hutsen “sinadura molekularra” zehazten ari gara. Bizkarrezur-muineko lesioaren testuinguruko astrozito baten profil genikoaren lehenengo analisiak izango dira emaitza hauek. Deserregulatutako geneak identifikatzeko aukera emango du orbain glialaren eraketa-prozesuan zehar. Gen kandidatuetan aldaketa gehiago egingo ditugu SiRNA metodoa erabiliz, orbainen eraketa aldatzeko, prozesu birsortzailea bultzatzeko helburuarekin.
Orain Neurozientzia-saileko Neuroendekapen-biologia Integratzailearen Laborategiaren buru zara, zer suposatzen du horrek zure ikerketarako? Nola eragin du Ikerbasquek egindako eskaintzaren onarpenak zure karrera zientifiko ikertzailean?
Bizkarrezur-muineko garapen eta lesioei buruzko aurreko ikerketa-lanak Suitza, Kanada eta Frantziako entzute handiko unibertsitate eta ikerketa-taldeetan burutu nituen. 2009ko urrian, Ikerbasqueko Ikeketa-katedradun bihurtzeak neure laborategia plazaratzea eta neure ikerketa-lerroa jarraitu eta garatzeko aukera eman zidan. Postdoktoretzako kideak eta doktoretza-ikasleak Montpellier utzi eta Bilbora nirekin etortzea erabaki zuten eta bi kide berri nire laborategian elkartzeke daude. Ikertzaile dinamikoen taldea sortzeko aukera paregabea da hau. Ikerbasquek ikertzaileak Euskal Herrira erakartzeko eta giro zientifiko sendoa sortzeko duen konpromisoak nire progresio zientifikoa eutsi zuen. Orain, nire bi ikerketa-alorrak bateratzeaz gain (hau da, bizkarrezur-muineko lesioak eta neuroendekapen-gaixotasunak), zelula mota anitzen arteko elkarrekintzetan arreta jar dezaket.