Edukin hau ez dago eskuragarri aukeratutako hizkuntzan.

Ikerbasque News

Ikerbasqueko ikertzailea: Alexander Bittner

Nanoeskala zientziak zientzialariak erakartzen ditu

Bittner01   Bittner02

CIC Nanogune-n ikertzen ari zara orain, nanoteknologia modan al dago?

Nanoeskalako zientziari begira, zalantzarik gabe. Zientzialarientzako erakargarriak diren alderdi ugari daude; niretzat garrantzitsuenetariko bat da diziplina klasikoak (fisika, kimika eta biologia) 1etik 10erako eskalan bateratzen direla, eta askotan ezin duzu lanik egin bakoitzari buruzko oinarrizko ezagutzarik ez baduzu. Ikaskuntzak ere nolabait egokitu behar du, laborategian eta ikastaroetan (ikus EHUk eskaintzen duen Nanozientzia Masterra). Ikuspuntu negatiboago batetik, ondo finkatutako ikerketa-adarrei “nano” gehituz izena aldatzeko tentazioa dago.

Zertan erabiltzen da nanoteknologia?

Teknologia hitzak jada sakonean ezagutzen den funtzionamendu-printzipioa iradokitzen du eta egun eskuragarri dauden gailuetan ustiatzen da. Horri jarraiki, orain dela urte asko ere bazeuden eskuragarri nanoteknologiako hainbat produktu. Adibidez, koloideak (kremak, katalizatzaileak) eta solido porotsuak (bateriak, iragazkiak) 1 nm-ko ondo finkatutako teknologia-arlo zaharrak dira. Aitzitik, teknologia altuko gailu berriak, ordenagailuetako txipetan dauden kobrezko interkonexio-kableak bezala, oraintsu daude eskuragarri 100 nm-tik beherako zabaleran, fabrikazio-prozesu askoz konplexuagoen premia dutelako.

Gero eta handiagoa den konplexutasun horrek askoz hobetutako edo kontzeptualki berriak diren produktuetan emaitza izaten du, eta informazio-teknologiek, diagnostiko eta terapia medikoek etekin handia atera diezaiokete horri. Hala ere, ez dut espero “nanoteknologia” terminoa maiz ikustea, produktu berriek ez dutelako etiketa hau zertan eraman behar; baliteke euren izena funtzio edo ezaugarriekin zerikusia izatea, elementu funtzionalen neurriarekin baino. Adibidez, datuak “disko gogorretan” gordetzen ditugu, eta ez disko gogorra osatzen duten “nanoeskalako imanetan”.

Zein ikerketa egiten ari zara orain Euskal Herrian?

Nire taldeak eta nik nanoeskalako hodi bigunekin egiten dugu lan planten birus ez kaltegarri bat oinarri hartuta, tabakoaren mosaikoaren birusa, mundu osoko plantazioetan dagoena (eta beraz, erretzaile guztien atzamarretan). Alemanian Christina Wege izeneko kideak alderdi biologikoetan laguntzen digu, eta Donostian alderdi kimikoez arduratzen gara, hodian material elektrikoki eroaleak edo magnetikoak kokatzeaz, besteak beste. Orain fisikan jartzen dugu arreta, lau nanoobjekturen propietateak ulertzen saiatzeko.

Gure lanaren zati batek egitura berdin-berdin askoren laginak modu errazean ekoiztea helburu duen lan kimiko klasikoan dihardu. Erabilgarriak gerta daitezke likido magnetikoentzat (ferrofluidoak) edo sendagaiak ekoizteko. Hala ere, kasu askotan, objektu bakar baten propietateak aztertzen ditugu. Horrek CIC Nanogunean ekoizten ditugun mikro- eta nanoeskalako egituretan integratzeko beharra du, ahal izanez gero, muntaia-bide fisikokimikoen bidez. Nire ustez, automuntaia-bide horiek nanoeskalan fabrikatzeko funtsezko elementuak dira.

Likido isurkor kopuru oso txikiak maneiatzen ditugu, ez bakarrik birusekin zerikusia dutenak, baita electrospinning delako teknika zaharrarekin ere, peptido txikietan ezohiko moduan erabiltzen duguna. Biomolekulak zuntzetan nola elkartzen diren interesatzen zaigu, alderdi mediko batzuk dituen funtsezko auzia bene-benetan. Gure ikerketa guztiak nanoeskala modernoko azterketa-metodoen mendean daude, beraz CIC Nanogunea gure beharretara primeran egokitzen den ingurunea da.

Nola eragin du Ikerbasquek egindako eskaintzaren onarpenak zure karrera zientifiko ikertzailean?

Lehenik, Ikerbasquek eta CIC Nanogunek Euskal Herrira etortzeko konbentzitu ninduten. Eta garrantzitsuago dena, Ikerbasquek lanpostu egonkor baten segurtasuna eskaini ninduen eta horrek urteetarako planak aurretik egiteko aukera ematen dit. Hala ere, lehenengo urtearen alderdirik nagusiena institutu berri bat eratzea zen, egitearen egitez asko ikastera behartzen duen lana. Orain nire taldea eratzen ari naiz eta beste batzuekin loturak ezartzen. Horrek euskal eta espainiar, hala nola europar, sistemen integrazioaren beharra du.

Aipatu bezala, hainbat diziplinen elkargunean lan egitea atsegin dut benetan, eta horretarako leku zoragarria aurkitu dudala uste dut. Euskal Herrian ikerketa aplikatua eta funtsezkoa sendotzeko egindako ahaleginak ikusita, publiko orokorrarekin komunikazio oso ona behar dugula uste dut. Horregatik, dibulgaziozko jardueran parte hartzen saiatzen naiz, hasiberria naizen alorrean hain zuzen. 

 
 

 Konpartitu:

Add to: Aupatu Add to: zabaldu Add to: negociame Add to: myspace Add to: meneame Add to: facebook Add to: Mr. Wong Add to: Icio Add to: Digg Add to: Del.icoi.us Add to: Reddit Add to: Slashdot Add to: Netscape Add to: Furl Add to: Yahoo Add to: Technorati Add to: Spurl Add to: Google Add to: Blinklist Information
 
ecmware
Enterprise Platform