Edukin hau ez dago eskuragarri aukeratutako hizkuntzan.

Ikerbasque News

Ikerbasqueko ikertzailea: José Julio Rodríguez Arellano

Alzheimer-en konplexutasuna uler dezakegu eta angelu ainitzetatik aurre egin diezaiokegu orain

Arellano01   Arellano02

Alzheimer-ari buruz modu errazean hitz egin diezagukezu jendeak uler dezan?

Alzheimer-a da 50 urtetatik gora ageri ohi den edo ager daitekeen gaixotasuna. Hori dela eta, hasieran dementzia goiztiar ere deitzen zitzaion, adin goiztiar samarrean buru-ahalmenak galtzen baitziren. Bi modutan ager daiteke: modu bat genetikoa da, Alzheimer familiarra deritzona eta gaixotasuna dutenen % 1 edo 2ri erasaten dio bakarrik; bestea esporadikoa da eta 60 urte aldera agertzen da eta edonork jasan dezake, nahiz eta Alzheimer-a duten senitartekorik ez izan.

Gertatzen dena da Alzheimer-a duten pertsonak oroimenaren galera izaten hasten direla. Hasieran oso txikia izaten da: kotxeko giltzak non utzi edo jaka non eskegi duten ahazten dute, gutxi gora behera guztioi gertatzen zaiguna egun batzuetan. Gero larriagotu egiten da: senideak nortzuk diren ahazten hasten dira; emaztea, seme-alabak, anaia-arrebak ez dituzte ezagutzen. Nahiz eta buru-argitasuneko momentuak izan ere,  pixkanaka-pixkanaka mota guztietako funtzioak nola egiten diren ahazten dute: nola janztea (maila horiek dira gogorrenak), nola jatea eta behar fisiologikoak egitea ere. Egin, egiten dituzte, baina ez dakite nora joan. Etxetik irteten dira, baina ez dakite nola itzuli. Hori da gogorrena.

Zein da EHUn gaur egun jarraitzen ari zareten ikerketa-lerroa?

Burmuineko zenbait mota zelularretan eragina duten emaitza hauek lortu ditugula, gure aurkikuntzen arabera lagun eta hobetzeko balio dezaketen zenbait tratamenduekin probak egitean datza gure hurrengo pausua. Datorren hilabetean hasiko dugu hemen, Ikerbasquen, EHUn. Bi gauza egiten saiatzen ari gara: geldotzea eta berreskuratzea. Lortu ditugun emaitzei erreparatzen badiezu, bi eremu-motetara bideratzen ditugu: aurrena, neuronekin zer gertatzen den. Eta bigarrenez euskarri-zelulekin zer gertatzen den. Euskarri-zelula hauei gliak esaten diegu eta glian barne bi motatakoak daude: batzuk handiak dira eta makroglia deitzen dira eta beste batzuk, txikiak eta mikroglia deitzen dira.
Hainbat elementuk osatzen dute makroglia, baina guk astrozitoetan jartzen dugu arreta batez ere. Izar itxurako zelulak dira, garrantzi handikoak euskarri eta neuronen arteko komunikazioari dagokienez. Eta txikitxuenak, edo mikroglia, burmuin barruko defentsa-mekanismorako zelulatxoak dira. Dakigunez, horietan ere eragina izaten da.

Nola moteldu daiteke, bada, gaixotasunaren areagotzea? Edo behintzat, nola lehenera daiteke prozesua?

Zelula hauek landuz nolabait egin dezakeguna da leheneratzea edo gaitasunak berreskuratzea ere, fase oso goiztiarretatik erasanda egoten baitira.  Guk aldaketak ikusten ditugu gure animaliatxoetan 6 edo 9 hilabetetatik aurrera, gizon-emakumeen 50 urteen baliokidea, fase nahiko goiztiarra nolanahi ere.

Jarraitzen dugun beste lerroak aztertzen du burmuinak nerbio-zelulak, hots neuronak, sortzeko duen gaitasuna (prozesu horrek neurogenesia du izena). Ideia oso iraultzailea da hori, 1950. urtera arte Santiago Ramón y Cajal doktorearen ideia indarrean baitzegoen. Nire ustez, horretan erratu zen soilik Maisu Handia: haren arabera, behin jaiota, burmuinean gerta daitekeen gauza bakarra heriotza da, ez da ezer sortzen. Zorionez, 1950. urtean zenbait ikerlari alemaniarrak oraindik sor ditzakegunaz konturatu ziren. Izan ere, gu biok, mintzatzen ari garen bitartean neuronak sortzen ditugu, 80 urteko pertsonak ere sortzen jarraitzen dituzte. Erabiltzen dugun animalia-ereduari esker, nahiz eta emaitza kontraesankorrak egon, badakigu Alzheimer-ean zer gertatzen den: neurogenesi izeneko gaitasun hau murriztu egiten da.  Berandu gertatzen da: animalietan, 12 hilabetetara; gizon-emakumeetan, 60 edo 65 urtetara. Hemen, buru-lana eta ariketen bidez berreskuratzen saiatzen gara. Estrategia biei esker gaixotasuna atzeratu eta leheneratzeko aukera izango genuke nolabait.

Datorren hilabetetik aurrera, behatu ditugun aldaketa horiek berreskuratzen saiatzen jarriko dugu arreta. Aurretiko emaitzak ditugu, ariketaren bidez neuronen ugaltzearen galera lehenera dezakegu. Hau da lerro bat.
Zentzu honetan doan hurrengo lerroa da transplante neuronalena. Hau Txekiar Errepublikako kide batzuekin batera egingo dugu. Gliari dagokionez, atrofia bat dugu. Zer esan nahi du honek? Zelulak txikiagoak egiten direla eta adarkadurak galtzen dituztela. Horren ondorioz, ezin dute euren funtzioa gauzatu. Beraz, zelulak forma eta luzapen guztiak izan ditzan eta egitura mantentzeko, trofiko eta eragile batzuk kudeatzean datzan eredua jarraitu behar dela deritzot. Hauek dira jarraitzera goazen oinarrizko bi lerroak. Gainera, gure ereduan ez dira transplante neuronalik egin estatu mailan, lehenak izango gara.

Zer onura ekarriko dute medikuntzarako eta zer interes izan dezakete Euskadirentzako Alexei Verkhratsky doktorearekin batera osatzen duzun lan-taldeak eskaini dituen aurkikuntzek?

Euskadin eta Euskadiko Zientziaren eremuaren barne, iraultzailea izan daitekeela deritzot. Izan ere, Espainian animalia-eredu hau dugun bakarrak gara. Ingalaterratik ekarri eta badugu jada hemen funtzionatzen ari den kolonia. Estatu-mailan eta beste autonomia-erkidegoei dagokienez, aurretik joango ginateke Alzheimer-aren gaixotasunaren ikerketan, dugun animalia-ereduan ez ezik, aldakuntza glialetan ere arreta jartzen dugulako. Pertsona gutxik behatu dituzte hauek eta ohartu diren kasuetan, guk ikusi dugunaren guztiz kontrakoa izan da. Nire ustez euskal Zientziarako izugarrizko bultzakada izango litzateke eta ondoren ikerketa nazionalean eragina izango luke.

Data jar al diezaiokegu gaixotasunaren tratamendu eraginkor eta itzulgarri bati?

Ez. Agian interesgarria dena zentzu hau ematea da: gaixotasuna hobe ulertzen laguntzen duten osagai berri hauek guztiak aurkitu izanari esker, askoz errazagoa da lerro bat jarraitzea edo lerroak elkartzea tratamendu eraginkorrak lortzeko. Neuronetan arreta guztia jarri gabe, gliak kontuan hartuta ere.

Ezin dezakezuna esan Alzheimer-a bihar sendatzera goazela da. Hori nahiko nuke nik! Batek daki sendatzeko modurik izango duen.
Baina bestalde, mezu itxaropentsu bat eman dezakezu gaixotasuna orain ulertu eta nola funtzionatzen duen buruzko ikuspuntu gehiago izaten ari garen zentzuan. Neuronei ez ezik, zelula glialei ere erasotzen dien gaixotasuna dela dakigunez, haren konplexutasuna uler dezakegu eta angelu anitzetatik aurre egin diezaiokegu. Lehen ezin genuen horrela jokatu.

Gure lanaren gauzarik garrantzitsuena da badugula zer aplikatzerik gaixotasunaren fase goiztiarretan. Baliteke erabat ez ekiditea (auskalo, agian bai), baina gutxienez luzarorako berandutuko duenaz eta bizi-kalitatea hobetzera doanaz ziur egon gaitezke eta zorte apur batekin, beharbada, gaixotasuna gelditzeko gai izango gara. Horretan ari gara.

 
 

 Konpartitu:

Add to: Aupatu Add to: zabaldu Add to: negociame Add to: myspace Add to: meneame Add to: facebook Add to: Mr. Wong Add to: Icio Add to: Digg Add to: Del.icoi.us Add to: Reddit Add to: Slashdot Add to: Netscape Add to: Furl Add to: Yahoo Add to: Technorati Add to: Spurl Add to: Google Add to: Blinklist Information
 
ecmware
Enterprise Platform