Ikerbasqueko ikertzailea: Roger Fouquet
Zure lanaren helburua esaldi batean labur al dezakezu?
Nire lana klima-aldaketaren auziari heltzeko beste ikuspuntu bat ematen saiatzen da. Horretarako, lehenbizi jendeak energia zertan erabili nahi duen ikusten da (hau da, berogailua, argindarra eta garraioa), energian soilik oinarritu beharrean, eta, bigarrenez, funtzionamendu epe luzeei begiratzen zaie (eta bertan, garapen ekonomikoaren, berrikuntza teknologikoaren eta trantsizio energetiko handien eraginak ikus ditzakegu). Gai bi horietako bat ere ez da nahikoa ikertu, eta nik horiek bateratzen ibili naiz, etorkizuneko berotegi-efektuko gasen igorpena ulertu eta aurreikusteko marko bat eskaintzeko.
Zein uste duzu izan daitekeela eredu ekonomiko berrien eragina klima-aldaketan?
Egungo eredu ekonomikoen zeregin garrantzitsu bat da Gobernua aholkatzea sartu beharreko politiken gainean. Klima-aldaketari lotutako eredu ekonomikoek Gobernuari estrategiak garatzen laguntzen diote, berebiziko bi kontu galdetzeko: nola arindu (hau da, murriztu) berotegi-efektuko gasen igorpenak eta nola egokitu klima-aldaketara. Ziurrenik arindu eta egokitzeko estrategiak beharko direnez, biak ondo ulertu eta arretaz egituratu beharko dira.
Gero eta ekonomista gehiagok arazo horiei heltzen diete, BC3 (the Basque Centre for Climate Change) ikerketa-zentroko ikerlariek barne, eta arindu eta egokitzeko ereduak fintzeko lanean dabiltza. Adibide gisa, energia zerbitzuak –nire interes nagusietako bat– arintzearekin lotutako ereduetan sartzearen onurak labur azalduko ditut.
Energia-zerbitzuen analisiaren helburua da laguntzea ulertu ahal izateko zerk egiten duen jendeak berogailua gehiago edo gutxiago erabili nahi izatea edo gailu gehiago erabiltzea etxean eta urrunago bidaiatzea. Berogailua, argindarra eta garraio eskaera aurreikusten saiatzen da, energiaren prezio, sarrera edo teknologiak aldatu ahala.
Egun, klima-aldaketarekin lotutako eredu ekonomikoak kontuan hartzen dute soilik energia-zerbitzuak baino sinplifikatu behar delako eta datuak falta direlako. Nire ikerlanak iradokitzen du zerbitzuak sartzeak ereduaren aurreikuspenak asko hobe dezakeela, hogeita hamar bat urte baino gehiagoko ikerketei dagokienez (hau da, klima-aldaketaren ereduetarako denbora epe esanguratsuak).
Epe luzeetan, aldaketa teknologiko handiek kontsumitzaileek aurre egin beharreko zerbitzuen prezioak murrizten dituzte, baina ez hala erabilitako energia. Halaber, zerbitzuetan oinarritzeak estimazio zehatzagoak ematen ditu prezio, sarrera eta teknologien aldaketek kontsumitzaileetan dituzten eraginei dagokienez. Prezio eta kontsumitzaileen erantzunen joerak aldaera garrantzitsuak dira klima-aldaketarekin lotutako eredu ekonomikoetan. Orain, datu berriekin, zerbitzuen prezioa eta kontsumoa sar daitezke, eta, horrela, ereduak hobetu, eta, espero dezagun, emaitzak ere. Klima-aldaketa arintzeko ereduek izan ditzaketen garapen ugarietako bat baino ez da hori.
Eredu hobeei esker, berotegi-efektuko gasak kostu ekonomiko txikitan murriztu ditzaketen politikak proposatu ahal izango ditugu, besteak beste. Hori garrantzitsua da, helburuak lortzeko bideak proposatu badaitezke aurrekontu txikiekin edo irabazi ekonomikoekin, politika orduan eta onargarriagoa izango da. Hortaz, aukera gehiago egongo da karbono gutxiko ekonomietara eramaten gaituzten politikak sartzeko. Era berean, errazagoa da klima-aldaketara egokitzeko modu merke eta eraginkorrak eskaini ditzaketen ereduak sartzea.
Kontuan izanda eztabaidatzen ari diren politika-ildoak, uste duzu Euskadi gai izango dela hurrengo hamarkadetako energia eskaera asetzeko, era iraunkor batean?
Hona etorri nintzenean, Euskadiko energiaren egoerak jakingura eragin zidan. Egoeraz nuen ezagutza mugatuetatik, alderdi positiboak ikusi nituen, baina baita zalantza larriak ere Euskadik duen gaitasunaren inguruan, energia beharrak era iraunkor batean asetzeko – eta iraunkor esaten dudanean, klima-aldaketan inpaktu gutxi duen bat esan nahi dut.
Garrantzitsua da Euskadik nola aurre egingo dien berogailu, argindar eta garraio beharrei. Berogailua gehienbat gasaren bidez egiten da, eta, horrek ez du beste fosil erregaiek bezain beste kutsatzen, baina berotegi-efektuko gas nahiko igortzen ditu halere. Duela gutxi onartutako lege batek eraikin berri guztiei eguzki-plakak (ur berorako) instalatzera behartzen ditu eta hori urrats ona da, baina apala.
Argindarra ekoizteko, aldaketa bat egon da ikatzetik gasera – aldaketa positiboa, beraz, hein batean. Dena dela, interesgarria da nabarmentzea haize-turbinak ekoizten dituen enpresarik handiena euskalduna dela, baina ez da haize-energiarik ekoizten eskualdean. Preferentzia kulturalen eta antolamendu arazoen ondorioz, haize-energiak (hogeita batgarren mendearen lehen hamarkadan munduan zehar gehien hazi den energia-iturri berriztagarria) ez dio konponbiderik ematen Euskadiri, potentzial handia badu ere. Muga handi horiek eta potentziala aintzat izanda, imajina dezaket kostako haize-turbinak sustatzen dituzten politikek, bereziki ur gaineko plataformak erabiltzen dituztenak (ura nahiko sakona baita kostaldean), Euskadiko energia-eskaeraren “iraunkortasuna” hobetuko lukeela. Horretaz gain, bada aukera eguzki-energia gehiago (hodeiengatik bada ere), eskala txikiko ur-energia eta korronte-energia bultzatzeko.
Garraioari dagokionez, autoaren gehiegizko erabilera eta bide-azpiegitura onak arazo garrantzitsuak dira. Euskadin trenbide azkarrago eta integratuago bat sustatzea aurrerapauso handia litzateke, baina luze igaroko da hobekuntzak ikusi baino lehen, eta onurak mugatuak izan litezke, jendea oso auto zalea baita. Azkenik, auto elektrikoari emandako laguntza (Euskadin kargatzeko azpiegiturak sartzea planeatu da) urrats garrantzitsua da, erabiltzen den argindarra iturri iraunkorretatik badator.
Ikerketa oso leku ezberdinetan egin duzu, hala nola, Erresuma Batua, Fiji eta orain, Euskadi.. Zeintzuk dira leku bakoitzaren indarrak zure ustez?
Orain, Euskadin BC3 ikerketa-zentroan ikertuz, pentsamendu aurreratuagoa duen giro batean nago. Nire inguruan, berritzaile izateko nahia senti dezaket: hirian antolatzen diren ekitaldietan, arkitekturan, gobernuak funtsak gastatzeko duen eran. Hori zirraragarria eta pizgarria da. Ikerbasqueren bidez garatutako aukerek hori islatzen dute eta ikerketa-ildo sortzaileak bilatzeko abiapuntu bikaina eskaintzen didate, eta, espero dezagun, ildo horiek klima-aldaketari heltzeko dugun era aldatuko dutela.
Unibertsitateko gradua eta ikerketa karreraren hasiera Ingalaterran egin nuen, eta han irakasteak dakar iritzi kritikoa garatzea – galderak egitea, bereziki zure ikuspegia edo ulermena alda dezaketen galderak. Hori berebizikoa izan da ikerketa ideia berritzaileak sortzeko gaitasunean.
Gainera, Erresuma Batua energia kontuetan buru izan da era askotan. Hasteko, hamazortzi eta hemeretzigarren mendeetan, Ingalaterra lehen herrialdea izan zen egur-erregaietatik (energia beharrak asetzeko) fosil-erregaietarako trantsizioa egin zuena, Industria-Iraultzarako funtsezkoa erabat. Bigarrenez, Erresuma Batua buru izan da energia merkatu eta politiketan pentsatzerakoan – 1940an, energia industriak nazionalizatu zen, energia-hornikuntza ziurtatzeko, eta, geroago, 1980an kontrakoa egin zuen, hots, energia-industria liberalizatu, energia-merkatuetan lehia bultzatzeko. Hirugarrenez, Erresuma Batua gidari da klima-aldaketaren gaineko adostasuna lortzeko saiakeran. Azkenik, funtsa asko inbertitu dira ikerketa sustatzeko, energian eta klima-aldaketan. Pentsaera kritiko eta berritzaile hori eta oinordetza historikoa, nire ikerketa gaitasun eta interesen oinarri izan dira.
Geroago, Pazifiko Hegoaldeko Unibertsitatera eskolak ematera joan nintzan, Fijin. Fiji irla urruna da eta garatzen ari den ekonomia bat. Hiri eta landa bizitzaren arteko ezberdintasun handia dago. Hiriburuan dago nik irakasten nuen unibertsitatea, eta hiri nahiko modernoa da. Hala ere, kilometro gutxi batzuk edozein norabidetan eginez gero, oinarrietara bueltatzen zara – jende askok ez du argindarrik edo egunean ordu gutxi batzuetan baino ez. Familiek oraindik ere egurrarekin prestatzen dute janaria. Bideak lurrezkoak dira eta ezin dira erabili euri tropikalak daudenean (maiz izaten da), ezta 4 x 4 ibilgailu batekin ere. Bisitatu nituen herrietako batzuk ez dute biderik eta herri merkatu hurbilenetik egunak daude ibiltzen. Ikuspegi hori baliagarria izan zen, imajinatzeko jendeak nola asetzen zituen bero, energia, garraio eta argiarekin lotutako beharrak iraganean eta nola euren bizitzak aldatu ziren energia-sistema moderno batez probetxu atera eta horretara egokitzeko. Hori izan zen bertan idatzi nuen liburuaren gaia.