Edukin hau ez dago eskuragarri aukeratutako hizkuntzan.

Ikerbasque News

eBULETINA 03 .

Ikerbasqueko ikertzailea: Annick Laruelle

Jokoen Teoria eta Hautaketa Sozialaren Teoria

Laruelle Laruelle

Zer da jokoen teoria eta zertarako erabiltzen da?

Elkarren artean mendekotasuna duten erabakiak ikertzen ahalegintzen da jokoen teoria; azken batean, eragile baten emaitzak bere erabaki propioen eta gainerakoen erabakien mende daude. Era honetako egoeretan sor daitezkeen jokabide egokienak eta jokabide horien arteko oreka aztertzen ditu. Orekan, eragileek ez dute pizgarririk beren estrategia aldatzeko (norabide bakarrean). Jokoen teoriako egoerak testuinguru askotan sor daitezke. Esaterako, enpresa bat merkatu berri batean sartu ala ez erabakitzen ari denean, haren errentagarritasuna merkatuan sartzearen edo ez sartzearen mende egongo da, baina lehiakideek izan ditzaketen erreakzioen mende ere badago: enpresak dirua galdu edo irabaz dezake lehiakideek egiten duten iragarki-kanpainaren arabera. Gerra Hotzeko arma nuklearren borroka ere jokoen teoriaren adibide bat da: alderdi bakoitzak armategi nuklearra eraikitzeko erabakia beste aldeak egitea espero zenaren mende zegoen. Alderdi bakoitzak bestea baino sendoagoa izan nahi zuen eta ahulena izateko beldurra zuen. Ondorioz, armategi nuklear handiagoa eta sofistikatuagoa lortzeko superbotereen arteko borrokan oinarritu zen oreka. Eta horixe gertatu zen urte askoan. Paradoxa dirudien arren, seguruago egoteko eraiki zituzten baliabide nuklearrak, baina, azkenean, litekeena da bi alderdiek armategi nuklearra eraiki aurretik baino okerrago amaitu izana. Arma nuklearren borroka “atxilotuaren dilema” izenez ezagutzen den jokoaren adibide argia da: orekan daudenean bi alderdiak okerragoak dira, baina zaila da eragileen jokamoldea aldaraztea.

Zer da bozketa dikotomikoa eta zer eragin du, adibidez, hauteskunde edo erreferendum batean?

Erreferendum batean, herritarrek proposamen bat onartu edo ukatu egin dezakete soilik. Horixe da aukeraketa dikotomiko baten adibidea. Mota horretako egoeretan proposamena onartzeko dauden arauen inguruan asko azter daiteke. Zentzuzkoa ematen du herritar bakoitzari boto bat emateak, baina, orduan, zenbatekoa izan beharko litzateke gehiengoa? Botoen % 50 aldekoa izanik onartu beharko litzateke proposamena, edo portzentaje handiagoa eskatu beharko litzateke? Parlamentu askotan lege-proiektu gehienak onartzeko gehiengo sinplea behar da, baina konstituzioari zuzenketak egiteko bi herenen botoak behar dira. Alde horren arrazoia da okerragoa dela konstituzioari nahi ez den zuzenketa bat egitea, aldatu gabe uztea baino, zuzentzeko beharra dagoela uste arren. Ohiko lege-proiektuen kasuan aldiz, arrazoi gutxiago daude uneko egoeraren alde egiteko, lege berrien alde egiteko baino.

Iaz argitaratu zenuen Voting and Collective Decision-Making: Bargaining and Power liburua, Federico Valencianorekin batera. Zeri buruzkoa da?

Federico Valencianok eta biok azken hamar urteotan egindako ikerketa laburbiltzen du liburuak. Botazio-arauen aukeraketa lantzen du batez ere. Aukeretako bat goian aipatutako gehiengoaren kasua da, baina Europako Batasuneko Kontseiluan erabiltzen den botazio-araua aukera orokorragoa da. Kasu horretan, kideek estatuen izenean jokatzen dute, eta populazioaren tamaina oso desberdina da estatu bakoitzean. Hori dela eta, herritar guztiak modu berean ordezkatu behar badira, logikoa dirudi pentsatzeak estatu handienek izango dutela pisu handiena. Orduan, nola aukeratu behar da pisu hori? Europako Batasuneko Konstituzioaren negoziazioetako eztabaidak agerian utzi zuen ez zela zeregin erraza. Arrazoizko pisu-banaketa lortzeko ideiak ematen saiatzen da liburua. Bereziki adierazten du herritarrekiko proportzionala den botere-banaketak ez duela ondo funtzionatzen, estatu handiei egiten baitie mesede.

Zer garrantzi du zure ibilbide profesionalean Ikerbasqueren eskaintza hau onartzeak?

Duela hamar bat urte, urtebete eman nuen Euskal Herriko Unibertsitatean Eusko Jaurlaritzak doktoretzaondokoa egiteko emandako diru-laguntza batekin. Orduz geroztik, sarritan bisitatu izan dut unibertsitatea, eta hamabi urtez Federico Valencianorekin egin dut lan (Ekonomia Fakultateko irakaslearekin). Hala, hona etorri baino lehenago ezagutzen nuen lekua. Banekien nire arloan lana egiten zuen talde bat zegoela, eta haiekin batera lan egiteko aukera izango nuela. Horrez gain, nahiko sarri antolatzen dira jokoen teoriari eta hautaketa sozialaren teoriari buruzko mintegiak. Arau dikotomikoen alorrean, lantegi informal bat antolatu dugu, eta filosofiako doktoretza egiten ari den ikasle-talde bat gai horri buruzko tesia egiten hasi da. Ikerbasquek baldintza onak eskaintzen ditu ikerketak egiteko.

 
 

 Konpartitu:

Add to: Aupatu Add to: zabaldu Add to: negociame Add to: myspace Add to: meneame Add to: facebook Add to: Mr. Wong Add to: Icio Add to: Digg Add to: Del.icoi.us Add to: Reddit Add to: Slashdot Add to: Netscape Add to: Furl Add to: Yahoo Add to: Technorati Add to: Spurl Add to: Google Add to: Blinklist Information
 
ecmware
Enterprise Platform