Ikerbasque Ikertzailea: Enrique Zuazua
Zein dira BCAM zentroaren helburuak? Beste zentro batzuekin alderatuta, zer berrikuntza eskaintzen du matematika aplikatuen ikerketan?
Matematika aplikatuaren mundu mailako sarean erreferentziazko nodoa bilakatzeko sorturiko ikerketa-zentroa da BCAM. Horretarako, talentua eta nazioarte mailan esperientzia duten ikertzaileak erakartzen ditugu. Izan ere, argi dugu matematikaren tresnarik garrantzitsuena ikertzaileak direla.
Gure lanak ardatz anitz ditu. Bat, nola ez, matematikaren barneko arazo sakonei heltzea. Bestea, matematikaren mugetan ikertzea eta aritzea, matematika beste zientzia-arloekin eta ingeniaritzarekin topatzen den gune horietan —horregatik aukeratu dugu “matematika mugaz bestalde” leloa zentroarentzat, Bernardo Atxagaren olerkian inspiratuta—. Besteak beste ingeniaritzarekin, telekomunikazioekin, materialen zientziekin eta biologiarekin elkarlanean aritzea da gure asmoa, konputazio aurreratua ardatz hartuta. Eta hori guztia bikaintasunarekin konprometitutako kudeaketaren bidez landuz, osotuz eta bideratuz.
Euskal gizarteak sorturiko zentroa dugu BCAM, eta, horregatik, gizarteari erakutsi eta azaldu nahi diogu zein diren matematikaren indarra, eta gure ikerketen eta lanen ondorioa eta emana. Horretaz gain, bereziki, matematika gazteei hurbiltzea dugu helburu.
Duela gutxi konputaezinak eta ikusezinak ziren hainbat gauza gure ordenagailuen pantailan ikusteko eta lantzeko gaitasuna dugu orain, eta horrek eragin handia du ikertzeko moduan eta ikerketa-gaietan. Agertoki aberats horretan jaio da BCAM, eta horretan datza bere berezitasuna: XXI. mendean Euskal Herrian sorturiko matematika aplikaturako zentroa da, mundura begira eta gizartearen zerbitzura dagoena, matematika berria gauzatzen.
Ekainean, Zamudioko behin-behineko instalazioen inaugurazioa izango da, eta batzorde zientifiko bat egingo duzue. Zein egongo dira batzorde horretan? Zer gai jorratuko dira?
Batzorde zientifikoan, lehen epe estrategikoan (2009-2012) garatuko ditugun ikerketa-arloekin erlazio zuzena duten erreferentziazko pertsonak egongo dira. Batzordekideak gure zentroaren munduan zeharreko mandatariak izango dira, baina baita gure lanaren ebaluatzaile zorrotzak ere. Batzarrean BCAMen estrategia aurkeztu eta ebaluatuko dute, bai proiektua, bai eta ikertzaileen profila ere.
Denak dira esperientzia handiko ikertzaile eta matematikari bikainak, hala nola Juan José Manfredi, AEBko Pittsburgh-eko Unibertsitateko katedraduna eta dekanoa, Pierre-Louis Lions, Fields domina jasotakoa (1994) eta Collège de Franceko irakaslea, eta Sir John Ball, Oxfordeko Unibertsitatekoa eta International Mathematical Union (IMU) erakundearen buru izandakoa. Batzordea Jean-Michel Coronek, Pierre et Marie Curie Unibertsitateko katedradunak, Leszek Demkowiczek, Austin-Texaseko Unibertsitatekoak, eta Sem Borstek, AEBko Bell Labseko eta Herbehereetako Heindhoven Unibertsitateko katedradunak osatuko dute. Zientzialari-talde aberats, bikaina eta bakarra batzea lortu dugu.
Zer suposatu du zuretzat BCAM zentroaren zuzendaritza onartzeak?
Matematikariak unibertsitatean sartzen garenean, gazte, gure bizitza osoko ibilbide zientifikoa abiatzen dugu. Gehienok, ikertzeaz gain, taldeak sortzea, gazteak trebatzea eta haiek lanean jarrai dezaten bermatzea dugu erronka nagusia. Horretarako aukera bakarra da zentro bihurtzea, haren nortasuna definitzea, munduan zehar agertzea eta nazioarteko ikerketa-zentroen sarean sartzeko aukera izatea. Erronka ere handia da. Lana eta energia bikoiztu egin behar dira egunero, baina norberaren proiektu zientifikoari dimentsio berria emateko aukera bat da.
Hori norberaren herrian egiteko aukera, horrenbeste urtez kanpoan izan ondoren, amets hutsa da. Ibarretxe lehendakariak eta haren gobernuak bultzaturiko zientzia eta berrikuntzaren inguruko politikari esker sortu da BCAM. Hurrengo gobernuak antzeko usteak izaten jarraituko duela espero dugu.
Etorkizunari aurre egiteko, BERC zentroen antzeko ereduak behar ditugu. Guk, gure aldetik, jo eta ke jarraituko dugu, euskal gizarteak eta nazioarteko matematikari orok matematika aplikaturako zentro berezia, bikaina eta aberasgarria izan dezaten Bilbon. Euskaraz aritzea ere, oraingoan bezala, gure ezaugarrien artean izango dugu.