Edukin hau ez dago eskuragarri aukeratutako hizkuntzan.

Ikerbasque News

Ikerbasque Ikertzailea: Durk Gorter

Hizkuntza Gutxituen Azterketa, Hezkuntza Eleaniztuna, Hizkuntzalaritza Ikuspegia (Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saila, Euskal Herriko Unibertsitatea)

Gorter1    Gorter2

Zein da Europako hizkuntza gutxituen egoera? Eta euskararena?

Galdera zabala da, eta ez du erantzun sinple nahiz uniformerik. Gai horri buruzko argitalpen ugari daude, eta, haien arabera, hizkuntza bakoitzak bere historia eta garapena ditu.

Hizkuntza gutxituen 200 talde baino gehiago daude Europan, eta antzina-antzinatik hitz egin izan diren hizkuntzek osatzen dituzte talde horiek. Hizkuntza bakar batzuk, hala nola frisiera eta bretoiera, estatu bakarrean hitz egiten dira. Beste hizkuntza batzuk, berriz, estatu batean baino gehiagotan hitz egiten dira; adibidez, saamiera Norvegian, Suedian, Finlandian eta Errusian egiten dute, eta katalana, Andorran, Frantzian, Italian eta Espainian. Mugaz haraindiko hizkuntza-komunitateak ere badaude; adibidez, Belgika, Txekiar Errepublika, Danimarka, Hungaria, Italia, Polonia eta Eslovakiako alemaniarrak eta Austriako eta Italiako esloveniarrak. Hizkuntza gutxitu horiek guztiak bat datoz gauza batean: denak arriskuan daude, eta babesa eta sustapena behar dituzte. Zenbait hizkuntza gutxitu egoera hobean daude, hizkuntza-politika indartsuei esker; esaterako, euskara eta galesa. Hizkuntza horiek nabarmen ari dira suspertzen. Beste hizkuntza gutxitu batzuk, ordea, galtzeko arriskuan daude; horiek artean daude ekialdeko frisiera, Alemanian, eta livoniarra, Letonian. Izan ere, oso hiztun gutxi dituzte gaur egun, eta ia babesik ez dute.

Hizkuntza eta ekonomia lotuta daudela adierazi duzu. Nolakoa da harreman hori?

Hizkuntza-ekonomia azpidiziplina bat da, eta ikertzaile batzuek ia karrera osoa eman dute haien arteko lotura ugari eta konplexuak aztertzen. Hizkuntzaren eta ekonomiaren arteko erlazioa aztertzeko, hizkuntzak ekonomian duen eragina azter daiteke, baina baita alderantziz ere. Monetaren balioari errepara diezaiokegu zuzenean, edo hizkuntza-jardueren kostuari (adibidez, eleaniztunek irabazi handiagoak izatea, edo itzulpenen kostua). Bestela, zeharkako balio erantsia azter dezakegu (esaterako, zenbat jendek balioesten dituen bere ama-hizkuntza eta elebidunen ezaugarriak, hizkuntzaren ikuspegitik). Zorte handia izan dut, Europako sarean (SUSDIV) Italiako eta Erresuma Batuko ingurumen-ekonomialari batzuekin lanean jarduteko aukera izan baitut, hizkuntzalaritzaren ikuspegitik eta eskolako testuinguruan eleaniztasunak dituen balio erantsiaren alderdi batzuk aztertzeko.

Eman dezagun inguru eleaniztun batean hizkuntza gutxitu bat dagoela. Zein da eleaniztasuna bermatzeko hizkuntza-eredurik onena? Eremu jakin batean hizkuntza gutxitu bat bada gehien hitz egiten den hizkuntza, eskola-eredua horren arabera egokitu behar litzateke?

Eskola-sistema orok bere historia du, eta berariazko ohitura administratiboak ditu. Hori dela eta, ezin da kanpotik eredu idealik txertatu. Egoera jakin batean, bere testuinguruaren araberakoa da eredurik egokiena, eta beste zenbait faktorek ere eragiten dute; besteak beste, hauek: irakasleen ezaugarriak, gaiak irakasteko metodo modernoak garatzea, finantziazioa lortzeko aukerak eta gurasoen nahia. Halaber, hezkuntzaren azken helburuen baitan dago hizkuntzak irakasteko modua: eleaniztun orekatuak “ekoiztea” duzu helburu, hizkuntza guztiak erraztasun berberaz erabiltzeko gai direnak (hori egin baldin badaiteke, noski)? Ala xumeagoa zara, eta eleaniztun funtzionalak bihur daitezen nahi duzu? Hala izanez gero, hizkuntza bakoitzean trebetasun-maila bera edo desberdina lor dezaten nahiko duzu, agian, ulermenari, irakurketari, hitz egiteari eta idazteari dagokienez. Hizkuntza gutxitu, gehiengoaren hizkuntza, nazioarteko hizkuntza (ingelesa) edo etorkinen hizkuntza batek gizartean duen erabilera erlatiboa eskola-sisteman hizkuntzak irakasteko eta ikasteko moduan eragiten duen zirkunstantzia bat baino ez da.

Nola eragin dizu Ikerbasqueren eskaintza onartzeak zure ikerketa-ibilbidean?

Ikerbasquek Euskal Herrira etortzeko aukera eman dit; hain zuzen ere, Europan eleaniztasunaren laborategi bat da, non hizkuntza-politikan eta hezkuntzan garapen interesgarriak gertatzen ari diren. Gainera, ikertzeko eta artikuluak argitaratzeko denbora dut, nire inspirazio-iturri diren kideekin batera. Gaur egun, ikerketa akademikoa mundu mailako enpresa bat da, eta mundu guztiko kideekin egon gaitezke harremanetan. “Lekua” ez da, jada, arazoa gure gizarte konektatuan, baina Donostia bezalako hiri batean bizitzeak eta lan egiteak abantaila erantsia du.

 
 

 Konpartitu:

Add to: Aupatu Add to: zabaldu Add to: negociame Add to: myspace Add to: meneame Add to: facebook Add to: Mr. Wong Add to: Icio Add to: Digg Add to: Del.icoi.us Add to: Reddit Add to: Slashdot Add to: Netscape Add to: Furl Add to: Yahoo Add to: Technorati Add to: Spurl Add to: Google Add to: Blinklist Information
 
ecmware
Enterprise Platform