Ikerbasque Ikertzailea: Manuel Carreiras
Zer ekarpen egingo dio zentro berri honek Neurozientzia Kognitiboaren arloko ikerketari?
BCBL zentroak badu berezitasun oso interesgarri bat: ezaugarri oso desberdinak izanik harremanetan dauden bi hizkuntzaren jabetzea, prozesamendua eta prozesamendu horren ondorioak ikertzeko aukera ematen du; euskara eta gaztelaniarena hain zuzen. Oraindik ez ditugu ezagutzen naturak gordetzen dituen sekretu asko, eta misterio horietako bat gure garunaren lan egiteko modua da, informazioa prozesatzeko modua. Alde horretatik, oso interesgarria da jakitea nola prozesatzen duen informazioa pertsona elebidun batek bi hizkuntzak oso desberdinak direnean, edo zer aldaketa funtzional edo estruktural gertatzen diren pertsona batek bi hizkuntza erabiltzen dituenean, edo nola eragiten dien elebitasunak endekapen-prozesuei. Galdera horiek eta beste zenbait berez dira liluragarriak, baina gainera gure eguneroko bizitzan ondorioak dituzte.
Zer eragin izan du zugan eta zure ibilbidean BCBLko zuzendari-postua onartzeak?
Lehenik eta behin, erronka garrantzitsua da. Beti izan dut gustuko erronka berriei ekitea, bizirik sentiarazten bainaute. Bigarrenik, aukera izugarria izan da arlo honetan puntako ikerketa bat egin ahal izateko. Horrez gain, ikertzaile gazteek beren ideiak garatzeko aukera izatea ahalbidetzen du. Eta azkenik, Espainian erreferentzia-zentro bat sortzeko aukera eman du, ikerketan tradizio handirik ez duen arlo batean —biokimikan izan daitekeen tradizioa, esaterako—. Ilusioz beteriko aditu-taldeak ari dira lanean etorkizun handia duen ikerketa-eremu honetan, ikerketa txit interesgarria eginez.
Neuroendekapena eta hizkuntza izango dira ikerketa-lerro bat. Nola eragiten dio neuroendekapenak hizkuntzari? Zer erlazio dago bien artean? Endekapena hizkuntzaren konplexutasunaren baitan al dago?
Beste sistema kognitibo batzuen artean, hizkuntzak ondorioak jasaten ditu alzheimerraren edo dementzia semantikoaren moduko endekapen-prozesuetan. Hizkuntza ez da osotasun banaezina, hainbat mailaz osaturiko prozesu konplexua baizik. Hizkuntzaren maila ezberdinek duten endekapen-denbora ikertzeak aukera eman dezake neuroendekapenezko gaixotasunak goiz aurkitzeko. Bestalde, konturatu gara pertsona elebidunen neuroendekapen-prozesuak elebakarrenak baino berankorragoak direla. Aurkikuntza hori egiaztatu egin behar da, baina hasiera batean harreman argia agertzen du neuroendekapenaren eta hizkuntzaren artean, edo, hobeto esanda, neuroendekapenaren eta elebitasunaren ondorio kognitiboen artean (ondorio positiboak). Izan liteke neuronen arteko konektagarritasuna desberdina izatea elebidunen eta elebakarren artean eta konektagarritasunean dauden desberdintasun horiek neuroendekapenezko prozesuak babestea edo atzeratzea. Sakonago ikertu beharreko zerbait da.
Ahozkoak ez diren edo ahozkotasun murriztua duten hizkuntza-ereduak aztertuko al dira (esaterako, gorren hizkuntzaren prozesamendua)?
Egia esan, zeinu-hizkuntza ikertzea garrantzitsua da, besteak beste, hizkerarenak soilik diren prozesuak eta hizkuntzaren prozesu orokorrak bereizteko aukera ematen digulako, modalitatea kontuan hartu gabe (ahozkoa edo ikusizko-espaziala).
Elebitasunaren ikerketa-lerroak eta neuroendekapenak izan al dute zerikusirik zentro hau Euskal Autonomia Erkidegoa bezalako eremu elebidun batean kokatzearekin?
Bai, zalantzarik gabe. Euskal Autonomia Erkidegoa probaleku pribilegiatua da elebitasunari dagokionez. Ez dut inolako zalantzarik horren inguruan.